XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) zerriei egin ohi zaizkien oihuak eginez eta abar.

Adierazpen orokor horien adibideak emango ditugu segidan.

2 Laborearen izpiritua otso- edo zakur-itxuran

Otso edo zakur gisa sumatzen den labore izpirituarekin hasiko gara.

Ikusmolde hori gauza arrunta da Frantzian, Alemanian eta herri eslaviarretan.

Hala, haizeak laborea mugitzen duenean, nekazariek esan ohi dute otsoa dabil labore artean, zekale otsoa lasterka doa soroan zehar, otsoa labore artean dago, zakur eroa laborean dago, zakur handia han dago.

Haurrek labore-soroetara joan nahi dutenean, ale buruak hartzera edo nabar-loreak biltzera, halakorik ez egiteko esaten zaie, zeren eta zakur handia laborean baitago, edo otsoa labore artean eserita dago, eta puskatan zatituko zaitu, otsoak jan egingo zaitu.

Haurrei kontu egiteko esaten zaien otso hori ez da otso arrunta, askotan aipatzen baitira labore otsoa, zekale-otsoa edo antzekoak; honelakoak esan ohi dituzte: zekale-otsoa etorriko da zuek jatera, haurrak!, zekale-otsoak eraman egingo zaituzte, eta abar.

Ordea, otso baten itxura osoa du.

Feilenhof inguruan (Prusiako ekialdean), otsoa soroan korrika ikusten zutenean, nekazariek buztana airean altxata ala lurrean herrestan zeraman begiratzen zuten.

Lurrean herrestan bazeraman, atzetik joan eta eskerrak ematen zizkioten onura zekarkielako, are jaki gozoak ere jartzen zizkioten aurrean.

Baina buztana jasota bazeraman, jazarri egiten zioten eta akabatzen saiatzen ziren.

Kasu horretan otsoa emankortasun ahala buztanean duen labore izpiritua da.

Zakurra eta otsoa labore-izpiritu gorpuztu gisa ageri dira uzta ohituretan.

Esate baterako, Silesiako zenbait aldetan, azken azaoa ebakitzen edo lotzen duen pertsonari gari-zakurra edo ilar-zakurra deitzen zaio.

Baina Frantziako iparrekialdeko uzta-ohituretan ageri da argien labore-zakurraren ideia.

Hala, uztagile batek, gaixorik dagoelako edo gogorik ezaz edo alferkeriaz, ezin badio jarraitu bere aurrekoari, esan ohi dute zakur zuria pasa da horren ondotik, zakur zuria du horrek, edo zakur zuriak hozka egin dio.

Vosgeetan uzta-maiatzari uztako zakurra deitzen zaio, eta albitzaren edo gariaren azken eskutada ebakitzen duen pertsonaz esaten da zakurra akabatu duela.

Jurako Lons-le-Saulnieren, azken azaoari zakurra deitzen diote.